Zumaia » Kokapena » Deskribapena
Zumaiako klima ozeanikoa da. Kantauri itsasoaren hurbiltasunaren eraginez, neguko laztasunak leundu egiten dira, eta udaldiak, berriz, ez dira beroegiak izaten. Haizeak hezeak dira; hodeiak ugariak eta euriak, berriz, sarriak.
Urteko batez besteko tenperatura 13 gradukoa da. Abuztua izaten da hilik beroena, eta urtarrila, aldiz, hotzena. Izozteak ez dira ugariak urtean zehar akaso bost egunetan egin dezake izotza goizaldeko lehen orduetan, ezta tenperatura altuegiko egunak ere: uda partean tenperatura nekez iristen da 30 gradura, eta gehienez jota ere, hamar aldiz baino ez da 35era heltzen.
Euri-garaia udazkena izaten da, 2.000 mm3. baino zertxobait gutxiagoko maximoekin eta 1.500 mm3-ko batez bestekoarekin. Uda hasiera izaten da garairik lehorrena eskualde honetan.
Normalean haizeek iparraldeko konponenteak izaten dituzte; hegoaldetik jotzen dutenak urriagoak izaten dira. Haize boladarik indartsuenek udazken eta neguaren bukaeran jotzen dute, batzuetan 80 km/h-ko abiaduraz. Ekaitz gogorrak Ipar Itsasoan eta Britainiar uharteetan zentratzen direnean, ipar-mendebaldetik datozen eta 140 km/h-ko abiadura har dezaketen haize zakarrak sartzen dira. Zenbait kasutan, udaldian bereziki, mendebaldeko haize horiek galerna bihurtzen dira, batez ere, tenperatura altuko egunetan.
Mendebal eta ipar-haizeek jotzen dutenean izaten da garairik hezeena. Atlantikotik datozen haize horiek Kantauri itsasoko kostalde ondoko mendikatera hurbiltzen direnean, altxatu eta hoztu egiten dira, euria sorraraziz.
 |
| Zumaia, Santa Klaratik ikusita |
|
Ipar-ekialde, ekialde eta hegoaldeko haizeen eraginez, aldiz, giroa lehortu egiten da. Lehen biek aire kontinentala, lehorra eta hotza ekartzen dute; horrelakotan, zeru oskarbiak egoten dira, eta negu parteko gauetan izotza ere egin dezake.
100 km/h-ko abiaduraraino hel daitekeen hego haize lehorra eta beroak hezetasuna ehuneko 30 edo 40ra jaitsarazten du, eta tenperatura, berriz, 35 gradu ingurura igoarazten du udan. |