Logotipo Zumaia Turismoa Menu arriba Euskara Castellano English Français Catalá Zumaiako Udala Algorri Ezagutza Etxea Done Jakue bidea Zumaian
Ezagutu Zumaia Argazkia
Menu

Zumaia » Kultura

Foronda Kultura Etxea
Foronda Kultura Etxea

Zumaiak kulturaren arloan lan handia egin duten hainbat artista eman ditu; besteak beste, pintoreak, eskultoreak, idazleak, musikariak, eta euskararen eta euskal kulturaren defendatzaileak. Baltasar Etxabe idazle, legegizon eta pintorea dugu horitariko bat. Jaiotzez oikiarra zen, eta «El viejo» goitizenez ezagutzen zuten —Baltasar Etxabe «El joven» margolariaren aita zen—. Idazle moduan egindako lanen artean, Mexikon 1607an inprimatutako «Los discursos de la antigüedad de la lengua cántabro-vascongada» liburua aipatu behar da. Pinturaren arloan egindako lanari dagokionez, berriz, Mexikoko Pintura Eskolaren sortzailea izan zela nabarmendu behar dugu lehenik. Bestalde, Tlatelolco-ko elizako erretaula eta Mexikoko Arte Ederretako Akademian dagoen «La oración del huerto» dira zumaiar honek egindako margolan aipagarrienak. Haren emaztea ere, Isabel de Ibia, margolaria zen; harena da Mexikoko katedraleko Barkamenaren aldarean dagoen «San Sebastian» obra.

Bonifazio Etxegarai (1878-1956) legegizon ezaguna izan zen. Alabaina, euskaltzaina ere bazen —bere anaia Karmelo ordezkatu zuen Euskaltzaindian—, eta euskarari nahiz Euskal Herriko historia eta etnografiari buruzko zenbait idazki argitaratu zituen, euskaraz zein gazteleraz. Gainera, ipuinak, deskripzioak eta «Aquí fue la Arcadia» titulua zeraman nobelaren lehen lerroak ere eman zituen argitara. Idazletzat har dezakegu, halaber, orain dela gutxi Erroman Joan Paulo II. Aita Sainduak beatifikatu zuen Angeles Sorazu zumaiarra (1873-1921). 19 urte zituela sartu zen Frantziskotarren komentuan eta bertan idatzi zituen hil ondoren argitara eman diren bere obra mistikoak, «La vida espiritual coronada por la triple manifestación de Jesucristo» eta «Vida de la Reverenda Madre Angeles Sorazu» biografia, eta beste.

Txomin Agirre
Txomin Agirre

Txomin Agirre idazle eta euskaltzaina ere aipatu behar dugu lerro hauetan. Jaiotzaz ondarrutarra izan arren, Zumaiako Karmeldarren eskolan kapilau egon zen, eta bertan idatzi zituen bere obra osatzen duten nobela, ipuin, legenda, artikulu, kronika eta olerki gehienak. 1920an hil zen bere laugarren nobela, «Ni eta ni» izenekoa, idazten ari zela.

Beobideren "Tximu"
Beobideren
"Tximu"

Dena dela, esan daiteke 1969an hildako Julio Beobide eskultorea dela herritik kanpo gehien ezagutzen den artista zumaiarra. Bere estudioa, Kresala izeneko etxea, museo bilakatu da, eta bertan San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako partaide izan zen zumaiar honen zenbait obra ikus daitezke. Baina bada Zumaian beste museo bat, garai batean Ignacio Zuloagaren estudioa izandakoa. Azken museo horretan, pintore eibartar honen zenbait obrez gain, Greco, Goya eta Zurbaranen koadroak ere ikus daitezke.

Beti Gazte dantza taldea
Beti Gazte dantza taldea

Musikari eta konpositore ezagunak ere izan dira Zumaian, horien artean, aipatzekoak dira Parrokiako Abesbatzan edo Udal Musika Bandaren zuzendari izan direnak; besteak beste, Jose Maria Beobide, Luis Urteaga, Jose Maria Olaizola, Evaristo Izeta, Jose Etxabe, Jose Maria Gonzalez Bastida eta Antonio Trueba.

Kalitate handiko Udal Musika Banda eta San Pedro Abesbatzaz gain, Zumaian Beti Gazte izeneko dantza taldea dugu. Dantza talde honek, zenbait lagunen lanari esker, sendotu eta hobetu egin da urteen poderioz. Ezin ahaztu dugu kapitulu honetan euskararen alde eta, oro har, euskal kulturaren alde lan egin zuen Julene Azpeitia. Irakasle konprometitua izateaz gain, zenbait sari merezi izan zuten ipuinak, nobela laburrak eta euskara irakasteko liburuxkak publikatu zituen. 1988an, haren jaiotzaren urteurrena ospatzen zela-eta, Udaletxeak omenaldi gisa emakume honen izena daraman Ipuin Lehiaketaren lehen edizioa antolatu zuen, eta, harrezkero, urtero antolatzen da.

Gabon korua
Gabon korua

Dena dela, Julene Azpeitia ez da Zumaian antolatzen den kultura ekitaldi bakarra; izan ere, herriko elkarte eta taldeek urtean zehar ekintza ugari antolatzen dituzte, Udalaren laguntzarekin: lehiaketak, jardunaldiak, ikastaroak, erakusketak, diapositiba emanaldiak, tailerrak, hitzaldiak, argitalpenak, kontzertuak, etab. Ekitaldi horien guztien artean honako hauek dira zaharrenak: Inda Mendi elkarteak antolatzen dituen Argazki Rallya eta Aste Mikologikoa, eta Zumaiako Argazki Elkarteari esker egiten den Argazki Lehiaketa. Halaber, Udako Festak, Inauteriak eta Herriko Krosa iragartzen dituzten txartelak aukeratzeko lehiaketak antolatzen dira, eta Gu.

Valentín Manterola estudioan
Valentín Manterola
estudioan

Hamaika kultur ekintza antolatzen da Zumaian urtean zehar.

Programazio hau Foronda Kultur Etxearen bidez zabaltzen da eta gure web orrialdean, agenda atalean, erraz aurkituko duzu.

Denetarik dugu, baina udan —zehazki, abuztuaren lehen hamaika egunetan— egiten den Uda Musikala da garrantzitsuenetako bat. Uda Musikala kontzertuak eskaintzen dituen nazioarteko musika jaialdia da. Baina udak ez du musika soilik eskaintzen, garai horretan egiten baitira, besteak beste, Euskal Jaiak, Estropadak, Artisau Azoka, Etxabe Dinastia pilota txapelketa edota, Olarro eguna ... Jardunaldiak leku bat baino gehiagotan egiten dira: Foronda Kultur Etxean, Aita Mari zinema-aretoan, Ubillos Musika Eskolan, Eskola Profesional zaharreko aretoan. Aurrez adierazitako guztiaz gain, liburutegia eta ludoteka zabalik daude, bestelako jarduerak nahi dituztenak ase daitezen.

Gomedatutako bereizmena 1024 768tik
Ezagutu Zumaia Informazioa Nola iritsi Non lo egin Non jan Zer egin