Zumaia » Artea » Santiago ermita eta Zuloaga museoa
Santiagoko ermita zaharra Zuloaga pintoreak erosi zuen, bertan bere lan estudioa eta bildumaren museoa egiteko. Parrokiarekin batera, Zumaiako eraikuntzarik zaharrenetakoa izan daiteke. Badakigu XIII. mendetik aurrera itsasontzi bat erabili zela, Urola ibaiak sortzen duen badia gainditu, eta Santiago eta herria lotzeko. Bidaiariek itxaroten zuten bitartean, ostatua eta otoitz egiteko tokia eskaintzen zuen eraikin honek. Hala ere, Zuloagak egindako berreraikuntza soilik ikusten dugu gaur egun; izan ere, jatorrizko horma eta arku gutxi batzuk besterik ez dira kontserbatzen. Elizatxoan Beobideren Kristoa jarri zuen Zuloagak aldare nagusian, eta Quintin de la Torreren Ama Doloretakoa albokoan. Beste aldean, Erdi Aro bukaeran pintatutako erretaula daukagu, Amabirjinaren bizitza irudikatzen duena. Egilea ezezaguna da, jatorria bezalaxe.
Alboko bi gelatan Zuloagaren bilduma eta pintore beraren koadroak daude. Sarrerakoan, Zuloagaren zenbait margolan egoten dira ikusgai, eta albokoan, berriz, pintura gotikoa: El Grecok, Zurbaranek, Goyaren eskolakoek, Vicente Lopezek, Gutierrez Solanak eta abarrek egindako lanak. Halaber, Rodinen eskultura pare bat eta beste hainbat gauza (zeramika greziarra, adibidez) ere ikus ditzakegu. Zuloagaren etxea Pedro Guimon arkitekto bizkaitarrak egin zuen mende hasieran. Erregionalista izena hartu duen estiloan egindakoa, euskal arkitektura tradizionalaren ezaugarriak ditu, zeramikazko xehetasunek nahasketa puntua ematen badiote ere.
|