Zumaia » Artea » Oikiako San Bartolome
 |
San Bartolomeren
erretaula |
|
Eliza sinplea den arren, XVIII. mendeko dorretxoak dira haren ezaugarri nagusia. Barruan, erretaula zaharra da aipagarriena (egun, sarreraren ezkerraldean dagoena), Araozko Andresek egin zuen XVI. mende erdialdean, baina datu hori ez da erabat ziurra. Araozko Andres errenazimentuko berrikuntzak onartu eta dekorazioa gutxitu zuen artista izan zen, eta garrantzia handiagoa eman zien eskulturei. Erretaularen erdian San Bartolome azaltzen da; gaina desagertutako irudi batek beteko luke, eta erremate gisa Jaungoiko guztiahalduna izango luke, frontoi triangeluar barruan. Alboetan bi ebanjelari ditugu oinarrian: Lukas eta Markos, eta, horien gainean, San Bartolomeren martirioaren bi pasarte. San Bartolomeren gorputz larrutuan ikus dezakegu anatomiarekiko zuen interesa. Bigarren solairuan Kristoren Pasioaren bi eszena ditugu: Kristo Pilatosen aurrean bata, eta Kristo Kaifasen aurrean bestea.
Erliebeen marko arkitektonikoa ere klasikotasunaren isla da, behean dauden ume sostengatzaileak bezalaxe. Aldare nagusian Kristo gurutzean dago, eta herrikoia bada ere, XV. mendeko azken gotikoaren adierazkortasuna ezagutzeko balio digu.
|