Logotipo Zumaia Turismoa Menu arriba Euskara Castellano English Français Catalá Zumaiako Udala Algorri Ezagutza Etxea Done Jakue bidea Zumaian
Ezagutu Zumaia Argazkia
Menu

Zumaia » Artea » San Pedro parrokia

Parrokiaren aurrealdea
Parrokiaren aurrealdea




Urola ibaiaren bokaleko menditxo baten gainean azaltzen zaigu San Pedro eliza. Gotorleku itxura duen eraikuntza hau bi zatitan bana dezakegu: alde batetik, 34 metroko dorre ia karratua, eta, bestetik, kontrahormez zatitutako nabe luze errektangeluarra.

Ez dakigu ziur zein mendetan eraiki zen, baina lehen aipamenak XIII. mendekoak direnez (Santa Maria monasterio zaharraren dohaintza), garai hartako zatiak eduki ditzakeela pentsa dezakegu. Hala ere, zati handienak XV. eta XVI. mendekoak dira, herriaren garapen ekonomikoarekin bat etorriz.

Dorrearen behealdean dagoen atea zeharkatuz, eliza barrura sartuko gara; hemen nabe bakarreko espazio gotiko zoragarriaz gozatzeko aukera izango dugu (30 metrotako luzera du, eta 14'7 metrotako zabalera). Lau zatitan banatuta dago, sabaiko gangak sostengatzen dituzten kolomen bitartez; eta, horiek, hiruko multzoak eginez, hormari atxikita daude. Sabaia da, hain zuzen, azpimarragarria barnealdean, gurutze ganga gotikotik eskegita, klabe zirkular dekoratu eta pintatuak baititu.

Sarreraren gainean, XVI. mendean eraikitako korua ikus dezakegu, barandailan dauden erliebezko bi inskripziotan irakur dezakegunez, Zumaiako Agirre familiak ordaindutakoa.

Joan Antxietaren erretaula nagusia

Joan Antxietaren erretaula nagusia
Joan Antxietaren
erretaula nagusia

Aldare nagusian, Joan Antxietaren erretaula ikusiko dugu: Gipuzkoan osorik gordetzen den autorearen erretaula bakarra dugu berau. XVI. mende bukaerakoa, Italiako errenazimentua bereganatuta duen artistarena dela nabari da. Garai hartan, Euskal Herrian, Errioxan eta Gaztelako iparraldean sortu zen eskola erromanistaren eskultore onenetakotzat jo dezakegu Antxieta. Zumaiako erretaula Albizu mihiztatzailearekin eta Ostiz laguntzailearekin egin zuen. Gaur egungo oinarria XVIII. mendean gehitutako erliebe bik osatzen dute; beraz, Antxietaren lana Sagrarioaren alboko erliebetan hasten da, ezkerrean Azken Afariaren irudiekin, eta eskuinean Apostoluen Oinen Garbiketaren eszenekin. Bi ebanjelari ere azaltzen zaizkigu erliebeen ondoan: Markos eta Mateo.

Sagrarioaren gainean, San Pedroren irudi monumentala dago, eta, Miguel Angel eskultore italiarraren ezaugarriak jasoz (keinu haserrea, gihar puztuak eta tolesduren espresioa), kristau heroi bihurtzen du Antxietak apostolua. Irudi nagusiaren ezkerraldean, Pedroren bokazioa eta eskuinaldean, aingeruak Pedro kartzelatik askatzen ikusten dira. Azken erliebe horretan azaltzen den aingeru biluzia da Migel Angelen eragin nabarmenena.

Hurrengo solairua Amabirjinari eskainita dago. Erdian, Amabirjinaren jasokundea ageri zaigu aingeru artean; hau da, Antxieta eta erromanismoaren irudi tipikoena. Amabirjina gihartsua, jantzien tolesduren artean bilduta, jarrera artifizial eta amaneratuan azaltzen da zerurako bidean. Alboko erliebetan, Deikundea edo Anuntziazioa dago ezkerrean, eta Amabirjinaren jaiotza eskuinean. Azkenik, erretaularen erremate gisa, Kalbarioa: Kristo gurutziltzatua, Amabirjina eta San Joan artean. Hemen ere, Kristo biluzia eta beste bi irudien jarrera eta jantzien edertasuna azpimarratuko genituzke. Aipagarriak dira beste eskultura txikiago batzuk, pinturak eta marko arkitektonikoa.

Aldare nagusiko erliebeak

Erretaula nagusiaren alboetan, sakristiaren atearen gainean eta haren aurrean, bi erliebe dauzkagu. Garai hartan Flandesen egiten zen estiloaren eragina dute, eta azken gotikoko ildoak gailentzen dira bai irudietan, baita gaien aukeraketan ere: Gurutzetik Jaitsiera eta Astinketa edo Flajelazioa. Erretaula zahar baten zatiak izan daitezke.

Alboko kaperak

Aldare nagusiaren ezker-eskuin kaperak daude; eskuinekoa, San Bernaberi eskainia eta ezkerrekoa, San Antoni. Bien sarrera arkuek oso ondo adierazten dute gotikotik errenazimentura doan bidea. Eskuinekoak azken gotikoko arku zorrotz tipikoa azaltzen du, eta ezkerrekoa errenazimentuko arku erdi zirkularra koloma hirukote sendoen gainean dago, nahiz eta gotikoko dekorazioa gorde oraindik.

Eskuineko kaperak Elorriaga sendiaren babesa zuen eta bertan Flandestik ekarritako triptikoa ikus dezakegu. Erdiko zatian Kristoren gurutziltzatzea irudikatzen da, eta, haren azpian Elorriaga familiakoak otoitz egiten azaltzen dira, San Pedro, San Bernabe eta Santa Katalinaren babespean. Eskuinean, aita seme zaharrenarekin dago, eta, ezkerrean, ama beste seme-alabekin; bien artean familiaren armarria ikus daiteke.

Alboko bi ateetan, Kristoren pasioa ikus dezakegu: Baratzeko otoitza, Kalbariorako igoera, Pietatea eta Berpizkundea ikusten dira. Ateak ixterakoan, Anuntziazioa edo Deikundea azaltzen da. Amabirjinaren eta aingeruaren irudiek ate bana betetzen dute, eszena eder, erritmiko ("Ave Maria" hitzak dituen tela) eta fina osatuz. Kolore sinpleak erabiliz pintatuta, zuria eta granatera mugatzen da.

San Antonen erretaularen xehetasuna
San Antonen erretaularen xehetasuna

Ezkerreko kapera, berriz, Sasiola sendiaren babespean dagoen kapera denez, familiaren santua azaltzen da aldareko triptikoan: San Anton. Erliebez betetako aurrealdea du, ateak pintatuta badaude ere. Jatorri flandestarra aipatu bada ere, eztabaida irekita dago gaur egun. Erliebetan Kristoren pasioa irudikatzen da, beste kaperako triptikoan bezalaxe, ezkerretik eskuinera eta goitik behera: baratzako otoitza, atxiloketa, Kristo Pilatosen aurrean, arantzazko koroaren ezarpena, zehazten zaila den eszena bat, eta, azkenik, Jesus Veronikarekin. Eszena hauen erdian, San Antonen eskultura ia exentua ikus dezakegu, eta, haren gainean, gurutziltzatzea.

Aipatzekoa da, azken gotikoko dekorazioaren ugaritasunaren ondoan, errenazimentuko berrikuntza batzuk azaltzen direla; adibidez, hiru zatiak banatzen dituzten kolomatxoek eta kapitelek dekorazio klasikoa daukate. Bestalde, pintatutako ateetan gai bera azaltzen da, hau da, Kristoren pasioa: azken afaria eta berpizkundea ezkerreko atean, eta oinen garbiketa eta Magdalenari egindako agerpena eskuinekoan. Kanpoaldean, txuri eta beltzean margotutako eszenak azaltzen zaizkigu. Garaian ohikoa zen era horretako irudiak egitea triptikoen ateen atzealdeetan.

Joan Antxietaren erretaula nagusia
Amabirjina gotikoa

Kapera honetan, Santa Ana eta Amabirjinaren taila ere ikus daiteke, XVI. mende bukaerako eskola erromanistakoa.



Amabirjina gotikoa

Ezkerrean, horman irekitako arku zorrotzaren azpian, Amabirjinaren eskultura dugu. XIV. eta XV. mendeko Amabirjina tipikoa da, Frantziatik edo Flandestik ekarritakoa.

Kristo Gurutziltzatua
Kristo Gurutziltzatua




Kristo Gurutziltzatua

Ezkerraldeko horman, Kristoren irudia ikusiko dugu. Kristo gurutzean hilda, Quintin de Torre XIX. mendeko eskultore bilbotarrak eginikoa da, barrokoko eskola espresiboa berpiztu nahian.

Eskaintza ohola
Eskaintza ohola

Mendaro Marinelaren eskaintza ohola

Eskuinaldean, lehen bataioetarako erabiltzen zen kapera txiki batean, pintatutako ohol interesgarria aurkituko dugu. Juan Martinez de Mendaro marinelak1475ean eskaini zion ohola elizari, Gibraltargo bataila irabazi izana eskertzeko. Oholaren beheko zatian, itsas bataila azaltzen da, eta eszena mota hori azaltzen duen lehenetakoa da. Goian, Amabirjina dago tronuan, San Pedro oholaren emailea aurkezten, eta Santa Katalina. Flandesko eraginekoa, XV. mende bukaerakoa edo XVI. mendearen hasierakoa da.

San Joseren erretaula

Eskuinaldean, aldarera jarraituz, beste erretaula bat dago hormaren kontra. Balio gutxikoa eta zenbait zatiz osatutakoa bada ere, goialdean, Errosarioko Amabirjinaren eskultura barroko interesgarria gordetzen du, ziur aski prozesioetarako erabilia; izan ere, XVIII. mendean prozesioak egiteko ohitura asko zabaldu zen. Kalitatezko erliebe erromanistak ere baditu, santu martirien irudiekin; eta kolomatxoetan emaileenak izan daitezkeen erretratuak ditu pintatuta.

Gomedatutako bereizmena 1024 768tik
Ezagutu Zumaia Informazioa Nola iritsi Non lo egin Non jan Zer egin